Indartsua izan baliagarria izateko

articulo_bajaParkourraren goiburu bat – Stephane Vigroux

Ondoko testua Stephane Vigrouxek argitaratutako “Be strong to be useful” artikuluaren itzulpen bat da, webgune honetarako Beñat Jauregik itzulia, egilearen aurretiko baimenarekin. Testu originala ondorengo estekan aurki daiteke:

https://www.facebook.com/vigrouxstephane/posts/1318152218290664

Indartsua izan baliagarria izateko. David Bellek (Parkourraren sortzaileak) ideia hau aurkeztu zidan nire entrenamendua hasi nuenean, eta kontzeptu hau bere aitak transmititu ziola azaldu zidan. Funtsean, praktika fisikoarekin eskuratutako indarrak nolabait besteei lagundu beharko liokeela. Gaur egun ia praktikante guztiek ezagutzen duten esaldi edo printzipio bat da hau eta Parkourraren filosofiaren zati bat deskribatzeko erabiltzen dute. Esaldi hau mundu zabaleko pertsona askok tatuatuta ikustera iritsi naiz. Nahiko esaldi deigarria da, ezta? Baina, egia esan, nola definitzen du gutako bakoitzak kontzeptu hori? Eta nola gauzatzen dugu?

Har dezagun denbora pixka bat lau hitz hauen esanahiari erreparatzeko.

 Indartsua izan: Hau entzutean zuetako batzuk zuen giharrei eta besoaren tamainari begira zaudete. Suposatzen dut fisikoki indartsua, trebea eta gogorra izatea Parkourraren entrenamenduaren funtsezko elementua bilakatu dela. Ezin dugu ukatu Parkourraren aspektu fisikoa eta berarekin batera etorri beharko lukeen entrenamendua, praktika osasuntsu eta iraunkorra mantentzera begira.

Jakingo duzunez, fisikoki indartzeaz gain, Parkourrak zure indar mentala hobetzeko bide eta tresna ugari eskaintzen ditu: borondatea, beldurrari aurre egin eta hau gainditzeko gaitasuna, erabakitzeko kemena, helburuetara edo arazoen konponbidera bideratutako entrenamendu batekiko adaptazioa, zure sormenarekiko konexioa, zure prestutasuna, kontzentrazioa, ausardia hobetzea…

Parkourrak gogoaren eta gorputzaren garapena barne hartzen ditu. Gauzatzen ditugun mugimenduen konplexutasuna, eta zeregin bakoitzean jartzen dugun arreta eta intentzioa berariazko praktika batean batzeak onura izugarriak dakarzkio praktikanteari, maila fisikoan zein mentalean. Parkourrak unean unekoan murgiltzen zaitu, gauzatzen dituzun mugimenduen izaera zorrotzarengatik. Hemen eta orain egon behar duzu, esaterako korrika egitearekin alderatuta, non zure gogoak noraezean ibiltzeko espazio gehiago duen ez baduzu unean kontzentratzeko aparteko ahalegina egiten. Parkourraren praktikarako “mugimendu kontziente” terminoa erabiltzea gustatzen zait.

Hitzegin dugu jadanik indar fisiko eta mentalaz. Horrek gizaki indartsu egiten gaitu benetan? Ez. Gorputzez eta buruz indartsu egiten gaitu, ez besterik. Bestela esanda, benetako garrantzia duenerako erabilgarriak izan daitezkeen tresna pare bat dauzkagu eskura. Ez utzi zure egoak aurkakoa esan diezazun, soilik kalean jendea harritu dezakezulako zure jauzi “ikusgarriekin” edo zure sare sozialak ikaragarri altu daudelako…

Gure praktikaren bidez eskuratzen ditugun gaitasunen behin betiko probak gure bizitzan aplikatu eta inplementatzea izan behar du. Funtsean, eguneko segundu oro egiten dugun gauza garrantzitsuena gure bizitzak bizitzea da. Gure bizitzak zoriontsu, bakean, gure “zergatiarekin”, garenarekin eta gure helburuarekin sintonian bizitzeak benetako indarra eta eguneroko konpromisoa eskatzen ditu. Eta zure praktikarekin ikasten ari zaren gauza eta indar guztiek ez bazaituzte laguntzen bizitza hobe eta esanguratsuago bat bizitzen, hutsalak iruditzen zaizkit. Ez dira dibertimendu bat besterik, zure egoa elikatu eta hazten dutenak, eta indarraren benetako esanahietik aldentzen zaituzte. Nire ustez, behintzat.

Pentsa dezagun ausardiaren kontzeptuaren inguruan, esaterako. “Parkourrak ausart egiten nau!”, “nire ausardia garatzen du” entzun ohi dut. Beraz, indartu egiten nau. Ez nago horrekin ados. Baliteke testuinguru fisiko baten baitan eginbehar zehatz baterako ausardia garatzen ikastea, baina ez zaitu besterik gabe zure bizitzako esparru batzuetan indartsu egingo.

Beldurtzen zaituen jauzi bat egiteko ausardia badaukazu baina ez baduzu zure bizitzan zuzena dena egiteko ausardiarik aurkitzen, zein zentzutan da hori gaitasun garrantzitsu bat gauzen eskema orokorrean? Mugimendu batean arriskatzeko bezain ausarta bazara, baina ez bazaude harreman batean dena arriskatu eta konprometitzeko prest minduko zaituzten beldur zarelako, adibidez, zein zentzutan da hori gaitasun baliagarri eta esanguratsu bat?

Behin eta berriro diodanez: ez gaude hemen jauzi egiteko. Bizitzeko gaude hemen. Eta nahiago nuke bizitza zoriontsu eta esanguratsua izango balitz. Nahiago nuke erabaki hau hartzeko adina indar izango bazenu.

Baliagarria izan: Hau da benetako gakoa. Indartsua izateko prozesuaren benetako helburua.

217ko uda honetan Evryn, Evry Mode ADD ekitaldian irakasten ari nintzen bitartean, berriz nabaritu nuen, Williams Bellekin nengoen bitartean. Opor moduan, oso erlaxatuta iritsi nintzen ekitaldira, erabateko sasoi txarrean urte gogorrenetako bat igaro ostean, baina mentalki zirraratuta ekitaldiarekin. Iturriarekin berriz konektatzeko beharra neukan (o! bide batez, ez diot inori gomendatzen Yamakasi ekitaldi batera joatea sasoian egon gabe :P).

Goiz batean, Laurent Piemontesi, sorpresa sorpresa, mugimendu koadrupedoan oinarrituriko infernuko entrenamendu-saio bat zuzentzen ari zen. Gizon hori piztia hutsa da. Lan-bolumen handia, oso atseden gutxi, zure buruari galdetzen ea noiz amaituko den hau, zu zeu zure buruaren aurka. Aurpegi ona jarri eta ahalik eta hobekien egiten saiatzen, ariketa jarraitu nuen, mina eta erronka onartuz. Burugogor, eta hasi nuena amaitu nahian, aurrera jarraitu nuen eta azken serieak nahiko zailak eta bakartiak izan ziren. Nire munduan murgildu nintzen aurrera egiten nuen heinean, eta irakasle eta lagun zahar baten ezusteko bisita jaso nuen.

Williams berandu iritsi zen eta besteok baino 30 minutu beranduago hasi zen. Hasi aurretik bere lastak lotu zituen orkatiletan eta erronka beste edonork baino 30 minutu lehenago amaitu zuen. Hori guztia teknika eredugarriarekin! Gero niregana hurbildu zen eta geratzen zitzaizkidan serie guztiak amaitzen lagundu zidan eta nirekin egin zituen. “Aller Steph” esan zuen, aurpegian irribarre handi bat zuela eta bere presentzia solidarioarekin.

Ez zegoen nire ondoan zein indartsua zen erakusteko, nire ondoan zegoen ni laguntzeko, nirekin momentu berezi bat partekatzeko. Hau garrantzitsua da. Erraza da besteak “laguntzean” galtzea, hori egiteagatik gure buruarekin ondo sentitzeko asmo ezkutuarekin. Tranpa sotil bat dago hemen, non zure egoak aitorpena nahi duen egindako ekintza prestuagatik. Laguntzea keinu altruista bat da. Ez da beharrezkoa horregatik harrotzea edo horri buruzko artikulu bat idatzi eta munduari zure ekintza “ona” kontatzea. Egin behar duzun guztia egitea da. Erabateko zintzotasunez eta laguntzea behar duen harengatik. Ez zuregatik.

Williamsek ez zion ezer kendu momentuari edo niri. Dena eman zion, momentuari eta niri. Ez balitz orain istorioa kontatzen ari naizelako, ez luke inork jakingo. Gainera, irakasle handiek duten jakinduriarekin, bazekien garrantzitsua zela niretzako eta esperientzia hori eraikitzeko une egokia zela. Eskerduna eta maitatua sentitu nintzen momentu horretan.

Egun batzuk beranduago, astean zehar, Williamsek niretzako beste ikasketa-egoera bat sortzea erabaki zuen. Lagun zahar bat bisitatzen ari ginen, “La Dame du Lac” (Lakuko Dama), denbora bat pasa zen eta kaixo esan eta nire goraintziak adierazi nahi nizkion nire apur bat bertan utzi nuen lekuari, eta baita nire apur bat bertan eraiki nuen lekuari ere. Gailurreraino eskalatzen, plataforma garaienean aurkitu ginen eta esanguraz beteriko elkarrizketa bat izan genuen bistaz gozatzen genuen bitartean. Une lasai bat. Denbora bat igaro ondoren jaitsi eta Damari agur esatea erabaki nuen. Badirudi Williamsek gailurrean gehixeago geratzea erabaki zuela.

Erdibidean nengoela, Williams “Steph! Zure laguntza behar dut!” oihukatzen entzun nuen. Gora begiratu eta Williams posizio arraro batean ikusi nuen plataforma altuenetik zintzilik, hanka batekin katigatuta. “Harrapatuta nago!” oihukatu zuen, “Lagundu diezadakezu?”. Momentu lasai eta atsegina instant batean desagertu zen.

Nire arnasa berehala aldatu zen eta nire izate osoa aktibatu egin zen. Ahal nuen azkarren berarengana eskalatzen hasi nintzen. Gora nindoala izutu egin nintzen, hurrengo eguneko egunkariak irudikatzen: “Yamakasi bat hil da!”. Benetan beldurtzen hasi nintzen, lehenago ez nuen inoiz Williams arazoekin ikusi, hortaz ea ondo zegoen galdetu nion eta esan nion lasai arnasteko bidean nindoan bitartean. “Azkar etorri!” esan zidan, lasai baina ahotsean larritasun apur batekin. Eta egunkari madarikatuaren irudiak eta heriotz-izenburuak burua nahasteko itzuli ziren. Plataformarako bidean abiada hartu, berarengana makurtu nintzen, eskua eskaini nion eta heldu egin nuen azkenik igoarazi ahal izateko.

Bere besotik eta gorputzetik tiraka nenbilen bitartean, bere aurpegia plataforma azpitik agertu zen eta, nire harridurarako, irribarre handi bat zeukan aurpegian! Tiratzeaz eta plataformara igotzeaz amaitu nuen, eseri ginen, eta esan zuen: “Orain badakizu nola sentitzen den norbait laguntzean”. Eta irribarre egin zuen. Ni oraindik shock egoeran nengoen gertatu zena prozesatu nahian. Esperientzia bizia izan zen. Une horretan laguntza behar zuen norbait laguntzeko benetako premia sentitu nuen. Pozik nengoan salbu zegoelako.

Bi ikasgai hauek testuinguru fisiko batean eman ziren, Parkourra praktikatzen genuen bitartean, baina oroigarri bezala balio didate jakiteko:

  1. Nola sentitzen zaren lagundua zarenean.
  2. Nola sentitzen zaren laguntzen duzunean.

Baliagarria izatea egoera mental iraunkor bat da, norabide egokian egindako ekintza txikiez egunero osatua. Gure kontzientziak gure entrenamendu edo heziketatik haratago zabaldu behar du, eta gure helburuak bizitzako edozein momentutan diferentzia markatzea izan beharko luke. Kalean zaborra lurretik jaso eta zakarrontzira botatzea bezain gauza sinpleak. Norbaiti atea irekitzea, ezezagun bati irribarre egitea, hitzegiteko beharra duela dirudien norbaitekin berriketai bat hastea, erantzuna benetan entzungo duzun “Zer moduz zaude?” zintzo bat…

Gustatuko litzaidake Parkourraren komunitatearen baitan jende gehiago konturatzea hitz horien atzean aurkitzen den esanahiaz: Indartsua izan baliagarria izateko. Yann Hnautrak (Yamakasi-ren sortzaileak) esan zuen behin “indartsu” hitza norberarekin ekartzeko eta erabat onartzeko hitz zaila dela. Ardura askoko hitz handi bat da. Parkourra hain azkar hazten eta zabaltzen ari da laster ni eta sortzaileak bezalako jendea ez garela egongo, eta zer geratuko da gure diziplinaz? Belaunaldi berriak beraien ekintzez kontzienteago eta arduratsuago izatea nahi dut. Apal mantendu behar gara. Edo bestela Parkourrak erdi indartsuak eta erabat berekoiak egingo gaitu. Badakit, hor egona naiz.

Norberarentzako indarra garatzearen benetako balioa berau besteen zerbitzura jartzean datza. Ondo dago Parkourrak (edo beste edozein diziplinak, egia esan) eskura dituen tresna guztiak erabiltzea zure bizitzako aspektu askotan zu zeu hazten eta indartzen laguntzeko. Azken finean, ez dago baliagarria izatea baino helburu hoberik, eragin positiboa eta esanguratsua izanez eskala handian. Uste duzu zure indarrak horretan laguntzen zaituela egunero? Merezi du horri buruz hausnartzeko denbora hartzeak.

Benetan baldin badaukazu eta benetan indartsua bazara, orduan indar horren zati bat itzuli behar duzu. Benetan.

Stephane.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s